LAN-EGUTEGIA ETA EGUN BALIOGABEEN EGUTEGIA

LAN-EGUTEGIA ETA EGUN BALIOGABEEN EGUTEGIA

 

Egun baliogabeen egutegia – BOE

Egun baliogabeen egutegiari buruzko informazioa

Administrazio-jarduketak ezarritako epearen barruan egin behar dira – Epeak eta epe-mugak –. Arau horrek berdin behartzen ditu administrazio-gaiak izapidetzeko eskumena duten herri-administrazioetako agintariak eta langileak, bai eta gai horietan interesa dutenak ere, administrazio-prozedurak izapidetzean adierazitako epeetara mugatu beharko baitira. "Denboraz kanpoko" jarduketek eragina dute bai egintzetan (epez kanpo aurkeztutako errekurtso bat bidegabea da), bai egintza formalizatzean erantzukizuna duten pertsonengan (izapide jakin bat ebazteko ezarritako denbora baino gehiago behar duen funtzionarioak erantzukizuna du).

Administrazio-izapideetan epeak zenbatzeak nolabaiteko konplexutasuna du, hiru elementu hartu behar baitira kontuan:

  • Epea zenbat denborakoa den (egunak, hilabeteak, urteak)
  • Epea zenbatzen hasten den eguna (hasierako eguna)
  • Epea amaitzen den eguna (azken eguna)

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30.7 artikuluan jasotzen denez, Estatuko Administrazio Orokorrak, lan-egutegi ofizialari lotuta, epeen zenbaketarako baliogabeak diren egunen egutegia finkatuko du dagokion eremuan, larunbatak zenbaketa horretatik kanpo utzita, 30.2 artikuluaren arabera.

Egutegi hori urte bakoitza hasi baino lehen argitaratu behar da herritar guztiek jakin dezaten, eta dagokion aldizkari ofizialean eta haren ezagutza bermatzen duten beste hedabide batzuetan argitaratzen da.

Herri Administrazioen Estatu Idazkaritzaren 2016ko irailaren 28ko Ebazpenaren arabera, epeak zenbatzeko egun baliogabeen egutegia ezartzen duena, 2016ko urriaren 2tik aurrera, egun baliogabeak izango dira Estatuko Administrazio Orokorraren eremuan, epeak zenbatzeko:

  1. Lurralde nazional osoan: larunbatak, igandeak eta ordezkatu ezin diren eremu nazionaleko jaieguntzat jotako egunak, edo autonomia-erkidego guztiek ordezkapen-ahalmena baliatu ez duten jaiei buruz.
  2. Autonomia-erkidegoen lurralde-eremuan: autonomia-erkidego bakoitzak jaiegun gisa zehaztutako egunak.
  3. Toki-administrazioa osatzen duten erakundeen lurralde-eremuetan: autonomia-erkidegoek egun baliogabeen egutegietan ezartzen dituzten egunak.

Itzuli gora

Epeen zenbaketa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 30. artikuluak administrazio-prozedurak izapidetzeko epeak zenbatzeko sistema ezartzen du, epeak egunetan, hilabeteetan edo urtetan adierazten diren kontuan hartuta:

  • Epeak egunetan adierazten badira: egun baliodunak direla ulertuko da, eta ez dira zenbatuko igandeak eta jaieguntzat jotakoak. Epeak egun naturaletan jartzen badira, horren berri emango da jakinarazpenetan. Egunetan adierazitako epeak zenbatzeko lehen eguna egintza jakinarazten edo argitaratzen denaren biharamuna izango da, edo administrazio-isiltasunez baiesten edo ezesten denaren biharamuna.
  • Epea hilabetetan edo urtetan jartzen bada, berriz, egintza jakinarazi edo argitaratu den egunaren biharamunetik aurrera zenbatuko da, edo administrazio-isiltasunez baiesten edo ezesten den egunaren biharamunetik. Hilabeteen eta urteen araberako epeak naturaltzat joko dira, egun baliogabeak kendu gabe. Muga-eguneko hilean ez bada hasierako egunaren baliokiderik, epea hilaren azken egunean bukatzen dela joko da.

Epearen azken eguna egun baliogabea bada, hurrengo egun baliodunera luzatuko da epea. Egun bat balioduna bada interesduna bizi den udalerrian edo autonomiaerkidegoan, eta baliogabea administrazio-organoaren egoitzan, edo alderantziz, baliogabetzat hartuko da beti.

Itzuli gora